"Zorionak Gernikako Haritzari" izenburuko adierazpen instituzionala adostu dute udalbatzako kideek plazako arbolaren mendeurrena dela eta

2017/01/25
Card image cap
Otsailaren 3an ospakizun sinbolikoa egingo da

  EH Bildu eta EAJko udal taldeek adostu duten adierazpen instituzionala biharko Osoko Bilkuran berretsiko da. 1917ko urtarrilaren 27an egindako Osoko Bilkuran erabaki zen Gernikako arbolaren kimutik sortutako haritz txikia plaza eta frontoiaren artean landatzea. Gernikako arbola Euskal Herriko eskubide eta askatasunei lotutako ikur garrantzitsua da. Eta arbola ez ezik, Gernika herria bera ere erreferentziazko ikurra da mundu osoan. Guzti hori gogoan osatu den adierazpen instituzionala irakurriko da biharko Osoko Bilkuran.

  Adierazpena, Gernikako arbolaren kimua Oñatin landatu zeneko mendeurrena gogoratzeko ez ezik, ospatzeko ere osatu da. Landaketa egin zen otsailaren 2an ez 3an baizik, urtemuga ospakizun xume baina hunkigarria egin asmo da. Bandak irekiko du ospakizuna 18:30tan hasita ordu erdiko kontzertutxoa eskainiko baitu kontzejupean. 19:00tan udal korporazioa haritza ondora hurbilduko da txistularien laguntzaz. Alkateak hitz batzuk egingo ditu eta Oñatzekoek aurreskua dantzatuko dute ondoren. Mendeurrena gogoratuko duen plaka bistaratuko da jarraian eta kantuek hartuko du lekukoa ondoren, lehenik bertsolarien jardunaz eta ondoren,  Iparragirreren “Aloña mendi aldamenean” eta “Gernikako arbola” abestuz. Bertaratzen diren herritarrak, musika banda eta herriko abesbatzekin batera aritzera gonbidatuko dira.  Amaitzeko, ikastetxeetako neska mutikoek 100 kandela piztuko dituzte.

  Herritarrak, otsailaren 3an,  kontzejupera agertu eta aipatu ospakizunetan parte hartzera gonbidatzen dira biharko Osoko Bilkuran berretsiko den adierazpen instituzionalean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!